XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HITZAURREA / HAURREN HIZKUNTZA ETA B EREDUA.

- Ezagunak ditugu gure Lurralde Autonomoan dauden euskara ereduak: A, B eta D izenez ezagutzen dira.

Eredu hauek erdiko zikloan ere jarraitzen dute.

Eredu hauen bidez lortu nahi diren helburuak honako hauek dira: Haur hauek, eskolaketaren bidez era guztietako gaitasunetan ohizko mailak lor ditzatela.

Hizkuntz helburuak hezkuntz helburuetan itsasten dira.

Lortu behar dituzten eskolako iaiotasun, ohitura eta ezagupenak lortzeko bide guztiak irekiak egon behar dute.

B eta D ereduetan euskara ere beste gaiak lantzeko erabil dezatela: hau da: euskara ikasketak egiteko instrumentu bat izan dadila.

Beraz, B eta D ereduetan euskara ez da atzerriko hizkuntzak ikasi ohi diren eran eta neurrian ikasiko.

Eskolan zehazten diren arloak lantzeko instrumentu erabilkorretako bat izan behar du, gaztelaniarekin batera.

Erdiko zikloan, euskara, bigarren hizkuntza izan arren, oinarriko komunikazioetarako baliagarria gertatu behar du.

- B ereduan etxetik euskararik ez duten haurrak hartu eta urteetan zehar euskalduntzea da helburua baina maila batetik aurrera ikasketak euskaraz egin ahal izateko neurrian, gaztelaniarekin batera, landuko da hizkuntza.

Eredu honetako haurrek eskolaurrea eta hasiera zikloa bi hizkuntzetan egin dute.

Erdiko ziklora iritxi direnean jadanik maila bat lortua dute baina, adin honetan ere, euskara sistematikoki lantzeari etzaio utzi behar.

Beraz egunero 30-45 minutu euskara sistematikoki lantzeari eskainiko zaio, hortarako egokiak eta aukerakoak diren ariketak, abestiak, ipuinak, hizkuntz jokoak, deskribapenak, esaera eginak, e.a. erabiliaz.

Eskolako zenbait arlo, horrela gorputz hezkuntzako ariketak, plastika adierazpidea, musika, hizkuntz jolasak, ipuinak, dramatizazioak, diapositiben eta ormirudien agerpenak euskaraz landuko dira.